XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ondoren, etzan zen bere ohatzean eta lo zerraldo gelditu, zurrungaka.

Harkaitz, zoraturik, hasi zen leizetik irteteko zirrizkuren baten bila; baina alferrik.

Haize izpirik ere ez zen sartzen.

Eta bitartean, etengabe, eraztuna: Hemen nauk! Hemen nauk!.

Atera nahi izan zuen hatzamarretik, egin zituen ahaleginak horretarako, urratu zuen odoltzeraino azala... Dena alferrik.

Etsi egin beharko ote zuen eta Tartalok hil, laurkitu eta jan zezan zain egon?.

Ikusi zuen burduntzia sutondoan, ipini zuen burduntziaren mutur bat sutan harik eta goritu zen arte eta hurbildu zen, kontuz eta isilik, Tartalo zetzan ohatzeraino.

Eraztuna deika zuen arren, Tartalo ez zen esnatu.

Jaso zuen burdina goria eta dzast! sartu zion begi bakarrean.

Tartalok, basakatua bailitzan, jauzi eta garrasi izugarriak egin zituen, leizea bera dardaratuz, ardi eta arkumeak aztoratuz.

Harkaitz leizearen zirrizku batetan ezkutatu zen.

Eraztunak bere deia isildu gabe ari bazuen ere, ezin entzun Tartalok, halako orroak egiten bait zituen berak.

Tartalo, zoraturik eta itsu, mutikoaren bila hasi zen, leizeko ertz guztiak joz.

Mutikoaren ordez, ardiak eta bildotsak harrapatzen zituen, lurrera jaurtiki eta leherreraziz.

Konturatu zen erraldoi hura, ez zuela mutikoa harrapatu ahal izango leizea aberez betea zen artean.

Ukabilkada batez bota zuen sarrerako harria.

Eguna pittin bat argitzen ari zuen.

Zangoak zabalik, jarri zen Tartalo leize ahoan eta, bi eskuez hartuz, ardi eta arkumeak leizetik kanpora jaurtikitzen hasi zen, horrela leizea husturik, mutikoa aisego aurkitze arren.